Datorren urriko hilabete hau esperantzaz beterik dago, euskal preso politikoen eskubideen errespetatzearen alde, bai eta, ipar Euskal Herriko bake prozesaren alde mugitzen direnentzat. Nehoiz baino gehiago, orrialde bat itzuliko delakoaren esperantzan gaude.
Izan ere, erabaki garrantzitsu batzuk espero ditugu. Agian, historiaren zentzuan joanen diren erabakiak. Euskal jendartearen esperantzaren aldera joanen diren erabakiak.

Urriaren 8ean, Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunaren deliberoa izanen dugu. Hogeita hamar urtez presondegian egon ondoren, Parketaren postura onartezina da. Laztura eragiteaz gain, eskandalagarria da eta bake prozesuaren kontra doa. Urriko epealdi guziak zigilu beraren pean daude: urriaren 9an, Iratxe Sorozabalen aurkako euroaginduaren deliberoa izanen da  -berau torturapean lortu deklarapenetan oinarritua-. Urriaren 15ean, Lorentxa Beyrieren askatasunari buruzko erabakia, kasu honetan ere, Ministerioak ez ditu haren eskubideak, ez eta bake prozesua kondutan hartzen. Urriaren 16an, Josu Urrutikoetxeari buruzko bi atxilotze mandatuen erabakia izanen da, zeinek, beste bakegile bat bezala, paper aktibo bat izan du azken urteetan eraikitako bake prozesuan. Berak zuen ETA-ren azken komunikatua irakurri ETA-ren desagerpena jakinaraziz. Urriaren 23an, Zigor Garro, euskal preso politikoarentzat baldintzapeko askatasunari buruzko erabakia  ; eta azkenik, Urriaren 30ean, larriki eri den Ibon Fernandez Iradiren auziaren deliberoa. Bere askatasuna urgentzia betekoa da.

Frantses Gobernuak, Justizia Ministerioak eta beronen epaileek, historiarekilako hitzordu horiek ez dituzte hutsegin behar. Joan den maiatzaren 17an, Macronek ipar Euskal Herrira egin zuen bisitakari, bake prozesuari buruz erabili zituen solasak oraino entzuten ditugu  : «  Azken urteak begiratzen ditudanean, kontsideratzen dut adibide bat dela gatazkaren konponbidean eta armen ateratzean… Pentsatzen dut estatuaren errola mugimendua laguntzea dela . Historia ez da errepikatu behar , lagundu behar da.» Gaur egun, hitzetatik ekintzetara pasa behar da.

Euskal preso politikoen gaia erabakigarria da. Egia da, euskal preso politikoentzat ipar Euskal Herritik hurbilenak diren presondegietara (Mont de Marsan eta Lannemezan) hurbiltze prozesu bat abiatua dela. Berau aitzinamendu estimagarria da. Baina, ez gaitezke horretan geldi. Prozesuak sakonagoa izan behar du eta gatazkaren aterabidearen bihotzeraino heldu behar du  : hots, euskal preso politikoen askapena.

Duela zenbait egun, Kepa Legina euskal presoaren laguna zen Eli Asurmendiren heriotzaren berri jakin dugu. Frantses Estatuko presondegietan eta Espainiakoetan hogei urte iragan ondoren eta milaka eta milaka kilometro egin ondoren, Eli zendu da joan den astean. Minbiziak eraman du, bere lagunaren askapena baino urte bat eta erdi lehenago. Etxerat, familien alderako elkartean, frantses presondegietara euskal preso politikoen familiek egiten dituzte bisiten antolatzeaz arduratzen zenak ez du gehiago Kepa ikusiko. Zenbat sofrikario  ! Gaur egun, euskal preso politiko guzien askapenari buruz aitzinatu behar dugu, hori baita historiaren zentzua.
Bururatzeko, antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

IZENPETZAILEAK: Garbiñe Eraso, EHBAIko Gatazkaren Konponbidea taldekovarduraduna eta Anita Lopepe, EHBAIko bozeramailea.