Joan den agorrilaren 24tik 26era, munduko 7 indar nagusien gailurra pairatu izan behar izan genuen Biarritzen, Euskal Herrian, eta honek aztarnak utzi ditu euskal jendartean : 160 interpelazio, 5 kartzeleratu, ehun bat atxiloketa, 20 bat auzi hemendik eta urte bukaerara eta hainbat lurralde debeku, horien artean hego Euskal Herriko 500 militate. Gaur, gailur honek indarrean inposaturiko neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritarioak ekarri dituen ondorioen adibide argia dugu. Izan ere, dozena bat pertsona deituak dira Baionako auzitegira. EHBAIk bere sustengu osoa adierazi nahi die auzipetuei eta auziaren presentzia gogorki salatu.

Gailurraren biharamunean erran genuen bezala, gaurkoan berriz ere errepikatu eta salatu nahi dugu gure Herria, setio egoeran egon izana aste batez, gau eta egunez. Honekin, beldurra sortu nahi izan dute bertako herritar eta komertsanteei eta orohar, jendarte osoari. Norbanakoen eskubideak urratuak izan dira: manifestazio eskubidea, libreki mugitzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna ez dira bermatuak izan. Gailurraren antolaketak berak zalantza jarri zuen bere zilegitasuna.

Onartezina da ! Auzia bertan behera gelditu dadin eskatzen dugu. Gailurra pasa eta, jendea beldurtzen segitu nahi dute. Beste mundu bat eta bestelako alternatibak eraikitzeko lanean ari direnei beldurra sortu nahi diete bereziki mobilizazio berri batzuen bezperetan. Alternatibak sortzen segituko dugu. Denen eskubideak errespetatuak izanen diren jendarte justuago baten alde lanean segitu dugu.