Irailaren 20tik eta 27ra bitartean izanen da, klimaren alde antolatuko den nazioarteko astea. Nahasmendu klimatikoaren kontra eramana den borrokaz ohartarazteko parada ederra.

Txosten zientifikoak biderkatzen ari dira. Aldi oro, deiadar berri bat dagite, larrialdi bizian gaudela oroitarazteko. Beroketa klimatikoaren ondorioak jada gainean ditugu. Arazoa ez da gehiago, gertakari hori nola hutsegin behar den jakitea, baizik eta, hori menean atxikitzeko neurriak biziki laster hartzea. Alabaina, lur osoan batez besteko beroketa, 2 graduz azpitik atxiki behar da, bestenaz sistema anitzez gehiago berotuko da eta egoeraren kontrola osoki galduko dugu. Gertakari klimatikoak haundituko dira, hondamen naturalak azkarki gehituko, izotzak lasterrago urtuko, itsas ur-korronteak nahasiko eta gure bioaniztasun zabala osatzen duten espezieen suntsiketa neurrigabeki gertaraziko… Zerrenda hau luza ginezake oraino. Frogak hor ditugu gure begien aitzinean. Alabaina, duela zenbait urte oraino, gertakari horien ondorioak urrun baziruditen ere, gaur egun horien lekuko zuzenak gira. Duela zenbait urte, zientzialariek ozono geruzeko ziloaz edo izotzen urtzeaz abisatzen gintuztelarik, hori dena ezin ohartuzko bilakaera urrun bat bezala ikusten ginuen. Gainazpikatze hori, 2030-2050 urteak aldera gertatuko zela zigutelarik, biziki urrun iduritzen zitzaigun orduan, eta kontzientzia hartzea biziki zaila. Gaur egun aldiz, ondorioak gure artean dauzkagu. Meteorologiako gertakariak, hala nola neurriz goitiko uholdeak edo oraino berote haundiak, zoritxarrez ikusiko dugunaren hastapenak baizik ez dira, baldin eta gure eguneroko jokaera ez badugu laster batean aldatzen.

Egoera kezkagarria baldin bada, ez da halere etsitzekoa. Aterabideak badira eta ez dugu gehiago itxoin behar. Gure jaurduerei ez dizkiegu begiak etsi behar eta behatzez multinazionalak edo herrialdeak erakutsi, ardura osoa haien gain ezarriz. Segur eginkizun haundi bat badutela jokatzeko, bainan guk ere, herritarrek, baditugu gure palanka kurbak alderantziz emaiteko. Gure egunerokoan eraginez eta gure kontsumitzeko moldeak aldatuz gero, gauzak aldatzen ahala ditugu. Nazioarteko espezialisten txostenek erakutsia dute, tokian tokiko maila, modu egokia dela neurri konkretu eta eraginkorren hartzeko.

Heldu den martxoan, udal kontseiluak berrituko ditugu. Udal hauteskunde horiek, bidenabar, Euskal Elkargoko hauteskundeak izanen dira eta emaitzak hurrengo sei urteentzat balio izanen dute. Gauza jakina da, zerrenda bakoitzak, hautagai bakoitzak egintza konkretuak proposatu beharko dituela, beroketa klimatikoaren kontrako borrokan, molde adiarazgarrian aitzina gaitezen. Bozka papera kutxaratzean, hautesle bakoitzak bere buruari galdegin beharko dio zein den bere hautuaren helmena. Bost hilabeteren buruan hautatuko diren hautetsiak 2026a arte egonen dira beren postuan. Hots, bihurgunea negoziatzeko gelditzen den azken agintaldia izanen da.

EHBAIko kide edota aldeko gisa, indar aitzinakoi hori irudikatu nahi dugu : horrek aitzinaraziko baititu, trantsizio energetikoaren, garraiobide bertutetsuagoen alderako proposamenak eta ekonomiaren bertokiratzea. Ekologista izateak ez du erran nahi gabeziaren gainean finkatu bizitza bat eraman behar dugunik. Adierazten du bakarrik, gure eguneroko hautuetan zentzu bat ezarri behar dugula, gure praktikak galdezakatu, aldatu behar ditugula eta ere gure usaiak, hori beharrezkoa delarik. Udal herriko eta herriarteko hautetsi batzuentzat, horrek erran nahi du, erabakiak laster eta kuraiaz hartu behar direla.

Euskal Herria aitzindari izan daiteke gai horretan. Aldi bat baino gehiagotan erakutsi dugu, gai horietan aitzinatzeko eta erantzun gisa tokiko lan tresnen egiteko dugun gaitasuna. Abertzaleek masa turismoa salatzen dutelarik, lurren artifizializazioaren kontra altxatzen direlarik, Euskal Herriaren burujabetza gomendatzen (azkurri, energia eta politika mailan), tokiko kooperatibak eta beste alternatiba batzuk zutik ematen dituztelarik, horiek oro krisi klimatikoari buruzko erantzun batzuk dira jadanik.

Beste behin, karrikan ibiliko gira, herritar mugimenduekin batera, datorren irailaren 21ean eta orohar klimaren aldeko mobilizazio guzietan parte hartuko dugu. Bestalde, deialdi doble bat egin nahi dugu. Beroketa klimatikoaren kontrako borrokan parte hartu nahi duten lurralde honetako bizitanleak, gurekin etor daitezela. Iparraldeko udalerri gehienetako ekimenetan parte hartzen dugu edo bultzatzen ditugu, ez baitezpada, EHBAI etiketapean. Alabaina, berau aldekoei idekirik dago, bai eta orokorkiago, hurrengo agintaldi hau aitzinamendu sozial eta ekologikoaren hitzordu bat izatea nahi duten guzieri. Beraz, biztanle guziak urraspide horietan guzietan parte hartzera deitzen ditugu. Bide berez, deialdi bat helarazten diegu udal hautagai guzieri, agintaldi honetan gurea izanen den errespontsabilitatearen neurria har dezaten.

Fatalismoa bazter dezagun beraz eta gure lurraldeak bezala gure planetak behar dituen alternatibak elkarrekin eraiki ditzagun.