G7a Biarritzen iraganen zela jakin bezain laister, gailurra eta gailur honek ordezkatzen zuen muduarekiko desadostasuna adierazi izan dugu behin eta berriz. Gaurkoan, beste behin ere eta sortutako hertsidurak ikusirik, gailurra uda sasoi betean Euskal Herrian iragan izana desegokia dela uste dugu. Azkenean, gailur hau, komunikazio operazio bat izan da besterik ez.

Hiru egunetan zehar, faltsukerian oinarrituak izan diren nazioarteko harremanak pairatzera behartuak izan gira. Gailur honek, berez, desberdintasunak (lurraldetasuna, emazte/gizon, soziala…) eta urgentzia klimatikoa lehen lerroan ezartzea zuen helburu.

Gailurraren bukaerako adierazpenari inportatzia asko ematen ez diogun arren, hasieratik izan dugun jarrera konfirmatzen duela azpimarratu nahi dugu. Izan ere, hitz bat ere ez da azaldu ezberdinatasunak eta urgentzia klimatikoei buruz. Ez dugu ulertzen zergaitik hainbeste diru eta indar komunikatiboa egin diren, gailurra bukatu ostean, gai horien inguruan aipamenik ez izateko. Hasierako bi helburuak ezabatuak izan dira.

Gailurraren balorazioa egiterako unean, nola ez aipa neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritarioa? Gure Herria, setio egoeran egon da aste batez, gau eta egunez. Honekin, beldurra sortu nahi izan dute bertako herritar eta komertsanteei eta orohar, jendarte osoari. Norbanakoen eskubideak urratuak izan dira: manifestazio eskubidea, libreki mugitzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna ez dira bermatuak izan. Errepresio handia bizi izan da egun hauetan Euskal Herrian: 160 interpelazio, 5 atxiloketa, 20 bat auzi hemendik eta urte bukaerara eta hainbat lurralde debeku… EHBAIk, gogorki salatu nahi du, egondako errepresio mota guziak. Gailur honen antolaketak berak zalantza jartzen du bere zilegitasuna. Herri bat itxi eta bunkerizatzen denean 7 zuzendari politiko biltzeko, ohartzen gira zer nolako distantzia dagoen elitea eta beraiek ordezkatu behar duten jendearen artean.

Gailurraren antolatzaileetarikoa den frantses estatuak, gailur honen kostu ekonomikoaren inguruko zehaztapenak eman behar ditu. Herritarrek, diru publikoa zertarako erabili izan den jakiteko eskubidea dute. Ez al zen egokiago xahututako dirua, zuzenean ezberditasunen eta urgentzia klimatikoaren alde baliatzea?

EHBAI azken hilabeteetan -eta beste 80 eragile desberdinekin batera-, beharrezkoak eta errealak diren alternatibak ordezkatzen dituen kontragailurra antolatzen ibili da. Hilabeteetan zehar, Euskal Herriko zein Frantziar estatuko eragileekin batera eramandako elkarlanak, ondorio positiboak izan ditu. Horri esker, esan genezake kontragailur arrakastatsua bizi izan dugula. Elkarlanean antolatutako ekimen honek, ekintza eta lan amankomunak garatzeko aukerak zabaltzen ditu datozen urteei begira.

5000 pertsonetik gora ibili dira hiru egunetan zehar, Irun eta Hendaia bitarte eskainitako tailer eta konferentzia desberdinetan eta 15000 pertsonetik gorak parte hartu dute larunbateko manifestazioan. Euskal Herrian bultzaturiko alternatibak desberdinak aurkezteko parada izan da eta bide beretik, beste lurraldeetatik etorritako milaka pertsonek beren esperientziak kondatu ahal izan dituzte ere. Kontragailur honek, gerora baliagarriak izanen diren esperientzien trukaketak eta militanteen arteko elkar ezagutza bultzatu ditu.

Munduko 7 indar nagusiek ez dute gure egunerokotasuna aipatzen. Alternatibak badira eta hiru egunez konferentzia eta tailerretan erakutsi ahal izan den bezala, herritarren eskutik sortuko dira alternatiba horiek.

G7a pasa eta, alternatibak sortzen segituko dugu. Denen eskubideak errespetatuak izanen diren gizarte justuago baten alde lanean segitu dugu. G7a bukatu da baina gure egutegi politikoa argi dugu eta lanean segituko dugu borroka desberdinetan: heldu den martxoan iraganen diren herri eta euskal Elkargoko hauteskundeak prestatzen, heldu diren borroka sozialak antolatzen -bereziki erretreten erreforma-, klimaren aldeko martxak edota euskara eta erakaskuntza…