Kontragailurra hasi da

Agorrilaren 21 huntan, asteazkenarekin, G7ren kontra gailurra hasten da. G7 gailurra arduragabekeri osoz Miarritzen antolatzen du frantses gobernamenduak eta Macron lehendakariak. Hasieratik lurralde oso bati inposatutako gailurra. Gorde izan den erabaki bat, tokiko herritarrak eta hautetsiak kontsultatu gabe. Poderearen bertikaltasunaren adierazle.

Proposatzen diguten mundua indibidualismoan oinarritzen da, gehikeria sekuritarioan baita desberdinatasun sozialetan, jende xumea zapaltzen du, larrialdi klimatikoa ukatuz eta gero eta mespretxagarriagoa den guttiengo bat lehenesten du.

Poderearen ordezkariek, komunikazio indar guziak lagun, errepikatzen daukute aukera paregabea dela gure lurraldea ezagutarazteko. Bainan Euskal Herritarrak ez dira petzero. Hemengo biztanleentzat, G7 gailurra Macronek inposatutako hitzordu bat da, bi astez traba ainitz ekarriko dituenak. Horrez gain, hitzordu hortan hartuko diren erabakiak ez dira herritarren iritziaren errespetuan hartuko.

Hala ere, 80 mugimendu, aktore sindikal edo politiko eta eragile sozial, eta horien artean EHBAI, batu dira ezetz erraiteko erokeria honi.

Testuinguru huntan, Euskal Herriaren hautua ez dute kasualitatez egin. Gure herriak, hainbat puntuei begira, bortizki inposatu nahi diguten heien munduaren arrunt kontrakoa da.

Alde batetik, Euskal Herria bere iraupena eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen herri baten erakuslea da.

Bestalde, euskal jendarteak jakin izan du eta segitzen du antolatzen kolektiboki klimaren alde, sozial erronken alde baita ekonomiaren alde. Etsenpluak ez ditugu eskas : Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko, Enargia, kontsumitzaileen kooperatibak, aktibitate eta enplegu kooperatibak, Lurzaindia, Ikastolak, migranteen aldeko kolektiboak eta abar luze bat. Horiek erakusten dute antolatzen den jendarte bat mundu justuago bat eraikitzen ahal duela, indibidualismoaren kontra lan eginez.

Zazpi herri horien gailurrak mezu ezezkor baten inguruan antolatua da. Nahi dute jendeari sinestarazi geroa ez dela gurea eta alternatiba baten eraikitzea ezinezkoa dela. Nahi digute sinestarazi hobe dugula amor emaitea. Gailur honen antolaketak berak erakusten du gobernamenduaren eta lehendakariaren jarrera autoritarioa : ez dute kondutan hartzen lurraldearen errealitatea, eragile nagusien eta mugimendu sozialen iritzia ez da entzuna. Hots, herritarrak mespretxuz tratzen dituzte.

Maskarada hutsa da gailur hau ! Eta horren parean, EHBAIek parte hartzen du kontra gailurraren antolaketan alternatiba baten oinarrien lantzeko eta erakusteko beste mundu bat posible dela.

Presentzia polizial itogarriari aurre eginez, deitzen ditugu herritar guziak kontra gailurran parte hartzera Hendaia eta Irunen artean.

Azken hitz gisa, jendarte osoari zuzentzen gira eta partikulazki Hendaia eta Irun inguruan bizi direnei. Ez erori, estatuko zerbitzuek alimentatzen duten nahasketan eta paranoian. Zentzu horretan, bat egiten dugu kontra gailur koloretsu, baketsu eta familial horrekin.

Cet article est également disponible en : French

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude