Aberri Eguna : Herria eraiki, herriak erabaki

Agur bero bat gaur Donibane Garazira hurbildu zirezten guziei. Besarkada bero bat ere Iruñean bildu zireten abertzaleoi ere.

Gure herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala pusatzeko aniztasuna oinarri, nazio estrategi baten baitan indarrak bildu eta elkarrekin aritzeko apustu sendoa berretsi nahi izan dugu EH BAI eta EH BILDU-k. Hortaz deialdi bateratu bat egin diogu euskal jendarteari Donibane Garazin eta Iruñan gure bi alderdiek deitzen dugun 2019-ko Aberri Egunera parte hartzeko.

Aberri Eguna, Euskal Nazioaren eta gure nortasunaren aldarrikapena egiteko hitzordu hau, abertzaleontzat egun erreferentea eta garrantzitsua da.

****

Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugunon eguna da. Gure aberria da, gu guztiona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, bizitzaren irakaspenen ondorioz besarkatu dugun guztiona; hemendik hasi eta mundua eraldatu nahi dugulako Euskal Herria libre nahi dugun guztiona; bai eta oraindik gure herrian bizi arren Euskal Herria maitatzen hasi ez diren herritar guztiena.

Guk, euskal herritarrek hizkuntzak eta kulturak ezaugarritu eta kolektiboki existitu nahi duen herria osatzen dugu, zazpi herrialde barnebiltzen dituena.

Iraganetik jaso ditugun hizkuntza eta kultur ondarea bizirik atxikitzen lortu dugu.  Inguruko eta munduko kultura eta hizkuntzekin izan harremanen emaitza ere bagira ondorioz Euskal Herria ainitza da. Lurraldeen ikuspegitik, paisaien, hizkuntze, kulturen, errealitate sozialen ikuspegitik ainitza da.

Eta etorkizunari begira, gure herri proiektuak ainiztasun horri erantzun nahi dio. Urte eta mende luzeetan zehar inposatu zaigun eredu uniformizatzailearen parean, guk aniztasuna kondutan hartzen eta errespetatzen duen proiektu integratzailea eraiki nahi dugu Euskal Herrian.

***

Mendeetan zehar gure herriaren asimilatzen entseatu dira bai Espainia, bai Frantzia.

1789-ko frantses iraultzak lurralde instituzioak indargabetu zituztenetik, Ipar Euskal Herriak etengabe bere ezagutza aldarrikatu du eta lehen urrats txiki bat baldin bada ere, ipar Euskal Herriak, (urte luzeetan eramandako borrokari esker,) bere lehen ezagutza lortu du 2017ko urtarrilean.

Izan nahi eta ezinak biziraupenerako borroka bideetan ibiltzera eraman gaitu. Borroka honek historian izaera ezberdinak hartu ditu.

Heldu den maitzaren 4an  ETAren disoluzioaren urteurrena izanen da. Gure herriak bizi duen gatazka, ez zen ETA edo IKren sortzearekin hasi eta ez da iragan maitzaren 4an bukatu. ETA eta IK hasi zireneko arrazoi berberak hor daude oraindik. Konfrontazio bortitza ez zen euskaldunen hautua izan. Herri hunen hautua amore ez emaitea izan da. Xutik bizitzea. Herri hunen hautua erresistentzia izan da. Nola ez ukan gaur beraz, pentsamendu berezi bat, bide hori jorratu duten gudari guzientzat.

Hamarnaka errefusiatu eta deportatu munduan zehar, 250 presotik gora eta horietarik batzuk larriki eri direnak. Berehala atera behar ditugu eta maila horretan ere, bakoitzak badugu zerbait egiteko.

 ****

Mendeetan asimilazioari erresistentzia egin duen eta etorkizunari itzulia den herri bat ospatzen dugu gaurkoan eta urratsez urrats berritz eraikitzen ari gira herria.

Asimilazio entsegu zentralistei buru egiteko euskal lurraldearen ezagutzaren eta bestelako jendarte baten aldarrikapena proiektu eraldatzaile bakarrean uztartzea jakin dugu.

Azken hamarkada luzeetako mobilizazioari esker, Frantses Iraultzaz geroztik Ipar Euskal Herriak izan duen lehen ezagupen instituzionala lortu dugu. Euskal Elkargoa gure helburua ez bada ere, aukera hori baliatu behar dugu, Euskal Herriko hiru eremu administratiboak elkarlanean jartzeko, bakoitzak bere erritmoan eta bakoitzaren testuinguru politikoa eta soziala errespetatuz.

Aukera hau baliatu behar dugu, nazio eta herri egin dezagun. Telesforo Monzonek zion “murko hautsiaren” puskak pausoz pauso zazpi probintziez osatutako murko berri bat ber osatu ditzagun. Euskal Herri guzien arteko eta eremu administratiboen arteko juntak biderkatuz helburu dugun Euskal Herriaren lurraldetasuna ehunduko dugu.

Euskal Elkargoa sortzea izigarrizko urratsa da baina urrats bat bakarrik, neholaz ere ez baitu asetzen gure gosea.  Ez baititu ez herriaren ez eta ere hizkuntzaren biziraupena segurtatzen. Are gutxiago euskaldunei emaiten, beraiek erabakitzeko ahala.

Gure herriaren biziraupena segurtatzeko hori baino urrunago joan behar dugu. Parean erasoak ez baitira eteten alderantziz areagotu egin dira. Gobernuaren azken erreforma eta adierazpenak ditugu horren froga gisa.

Gourault ministroak egin dituen adierazpenek gobernu frantsesak bete betean murgiltze eredua kolokan jartzeko duen nahikeria agerian utzi dute.

Gatazkaren ondorioen konponbide alorrean trabak ezartzen dituzte ; gelditze edo berdin gibelatze seinaleak emanez.

Korsikan ere, Estatuak duen ekinbide ahalgingarriak doinuak emaiten digu. Gehiengoaren eskaerei sistematikoki uko eginez, Korsikaren etorkizuna demokratikoki eraikitzeko bidea mespretxu handiarekin zangopilatzen du.

Pasatzen den egun bakoitzean eta egunerokotasunak berak, geroz eta argiago uzten digu euskal herritarroi, euskal herritarrei begirako kudeaketa batek bakarrik dizkigula guk behar eta nahi dugun herriaren bermeak segurtatuko.

Eta nola egiten da hori ? Orain arte hasi bezala. Urrtasez urrats, bakoitza bere alorrean : lurra zainduz, euskara erabili, zabaldu eta transmitituz, ekonomia sustatuz, kapitalismoaren desmasien kontra borrokatuz, elkartasuna gauzatuz eta abar luze bat… Egiten dugunari herri zentzu bat emanez eta gure begiak mundura zabalduz.

Jendartea oldartzen duten inegalitate sozialen erantzunak Euskal Herritik eraiki ditzagun. Guziz beharrezkoa eta urgentea den trnasizio ekologikoa Euskal Herritik eraiki dezagun. Jendarteak elite politikoengandik bizitzen duen mespretxu politikoaren eta defizit demojkratikoaren aitzinean, Euskal Herritik eredu berriak eraiki ditzagun.

Joan den azaroan Kanakiar lurraldeetan antolaturiko erreferendumak frogatzen digu nahi denean, gai izaten ahal direla legearen baitan aplikatzen den autordeterminazio eskubidea baimentzeko. Eta gure lagun eta burkide Kanakiarrak txalotu nahi ditugu, hemendik , Euskal Herritik, erreferenduma burutzeko egindako lan guziagatik eta oraindik ere egiten ari diren lanagatik.

****

Orain arteko lorpenak eta egun egiten dugun lanak ekarriko dizkigute biharko garaipenak. Urratsez urrats, segi dezagun Euskal Herria eraikitzen !

Urte luzeetako borroka eta herri mobilizazioek Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren agertokira ekarri gaituzte. Lehen urratsa baizik ez da, eta orain, edukiz betetzeko lanari lotu behar gira.

Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko eta jendarte justuago bat eraikitzeko beharrezkoak ditugun eskuduntzak eta eraikitzeko ahalmena erdietsi behar ditugu, Euskal Herri euskaldun eta burujaberako bidean. Herritik eraginez eta herriarentzat arituz. Hiru euskal eremu administratiboen juntak helburu dugun Euskal Herriaren lurraldetasuna irudikatzen du.

Lehen urratsa aurrerabidean akuilu bilaka dadin, deia zabaltzen diegu sailez-sail eta herriz-herri Euskal Herriaren alde obratzen duten guziei, herri proiektu eraldatzailean parte hartzera.

Gora Euskal Herria askatuta !

Cet article est également disponible en : French

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude