Herrietatik Euskal Elkargorat, present erantzunen dugu!

EH Bai lehen lerroan dugu hainbat arlotan: ezagupen instituzionalean, euskararen defentsan, bake iraunkorra eraikitzeko gatazka politikoaren konponketan eta gatazka horrek dituen ondorioetan, edota hego Euskal Herriarekiko lan harreman sendoak garatzeko lanean. Arlo horietan guzietan gure militante eta hautetsiek daramaten lanari esker aitzinatzen gara. Bainan horiek ez dira EH Bai-k dituen lan ildo bakarrak: laborantza herrikoia, ekoizpen ekonomia, etxebizitza duina denentzako, bigarren etxebizitzen zergapetzea, bastimendu eta etxebizitza zaharren zaharberritzea, herri barneen arrapiztea, lurren babestea eta garapen orekatua…, horiek ere lehentasunak dira guretzat. Ondoko 12 hilabeteetan, hautagai abertzaleek gure proiektua lau haizetara zabalduko dute. Bihar, gure herrietako jendea ordezkatzeaz gain, gure hautetsiak ipar Euskal Herriko hautetsiak ere izanen dira, proiektu koherentea eramateko gure lurralderako.

Duela sei urte, 2014ko herri hauteskundeen abenturan kolektiboki sartu ginelarik, hainbat helburu finkatu genituen, ipar Euskal Herriaren lehen ezagupen instituzionala helbururik nagusiena zelarik. Agintaldiaren lehen bi urteetan adostasun zabala izan zen Lurralde Kolektibitatearen proiektuaren alde.

2017an, gure lurraldeko eragileek pausu bat aitzina egin zuten Euskal Elkargoa sortuz eta hautsi-mautsi horri esker gaur egun ipar Euskal Herria instituzionalki existitzen da. Erregioak handitzen ziren garai horretan, eta besteak beste Akitania “Akitania Berria” bilakatuz, funtsezko hautua egin behar izan genuen: ipar Euskal Herria Austriaren neurriko makro-eskualde batean zatikatua atxikitzea, edo oinarrizko instituzioaz janztea, ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak mapa administratiboan lehen aldiz agerraraziz.

Herriko hautetsi gehiengo handiak bozkatu Euskal Elkargo horrek paisaia instituzionala arrunt aldatu du. Badakigu atzo herri elkargo ohi batzuetan eta gaur egun Euskal Elkargoan diren zenbait hautetsik beren funtzioa zein den ez dutela baitezpada argi eta beren erabakimena murritzagoa ikusten dutela. EH Bai-tik txalotu nahi dugu hautetsi hauek agintaldi erdian egin zuten hautua, interes kolektiboa lehenetsiz ipar Euskal Herriari izate juridikoa eta instituzionala emateko. Izan ere, segur gara – eta eguneroko jarduerak erakusten digu- hautu hori egokiena zela. Hirigune Elkargoa lehen urratsa besterik ez da bainan orain arte egin bidea izigarria da.

Lehen bi urteak eraikitze eta abiatze urteak izan dira. Duela hilabete batzuk Kontseiluak eskumenen edukia onartu du. 2019a politika publiko sendoak martxan emateko eskema handiak onartzeko urtea izanen da. SCOTa, joan-jinen plana (PDU), etxebizitzarena (PLH), elikadura proiektua… denboran hurbil ditugun hitzordu garrantzitsuak dira. Memento berean, lurralde proiektuaren zehaztea, lurralde politikak eta ondoko gobernantza paktoaren inguruko lana ere etorkizunerako erronka handiak dira. 2019an fase berri batean sartuko gara beraz eta ondoko agintaldia erabakigarria izanen da, anbizio maila hor ikusiko baitugu.

Erran dugun bezala, Euskal Elkargoa lehen urratsa besterik ez da, ongi kausitu beharreko urratsa urrunago joan ahal izateko, ipar Euskal Herriaren errealitateari egokituena den Lurralde Kolektibitatea eraikitzeko.

Tresna instituzional sendo hori baitezpadakoa da, herriekin batera erronka klimatikoari erantzuteko adibidez. Ekintza publikoko arlo guziak garrantzitsuak badira ere, beroketa efektuari buru egin behar diogu eta ezin dugu desafio hori huts egin. Adituek deiadarra maiz jotzen dutenez erronka denek dugu gogoan. Orain zezena adarretatik hartzeko tenorea da. Frogatua da tokian toki eramaten diren ekintzek ere erantzun konkretuak ekartzen dituztela. Ipar Euskal Herrian tresna anitz dugu, tokiko kolektibitateekin batera garatu behar direnak transizio ekologikoan buru belarri sartzeko eta ekonomia alternatiba berriak asmatzeko: euskoa, mugikortasun plana, energia garbi ekoizpen unitate tikiak, tokiko mozkin biologikoak kantinetan, laborantza herrikoari sustengua… ipar Euskal Herrian praktika jasangarriagoak garatzeko tresnak eskuartean ditugu.

Gure proiektuak gehien sufritzen dutenak ere kontuan hartzen ditu ipar Euskal Herria justizia sozialeko lurraldea izatea nahi baitugu. Herritar anitz baztertuak senditzen diren garai hauetan eta kanpainetan zerbitzu publikoak bat bestaren ondotik hesten dituztelarik, toki maila da eragiteko egokiena. Herritarrak herri eta auzoetan hartzen diren erakabietan parte harraraziz, proposamen indarra izanen gara jende eta sozial harremanak herriaren jardueran berrezartzeko.

Herritarren artean klase politikoarekiko eta instituzioekiko mesfidantza gero eta handiagoa den garai honetan, herri maila da gure ustez mailarik egokiena eguneroko arazoei eta herritarren beharrei erantzunak emateko, herriak baitira herritarrek dituzten instituzio hurbilenak.

Hauteskunde hauek anbizioz beterik hasten ditugu, eramaten dugun proiektu alternatiboa bai herrietan bai Euskal Elkargoan garatzeko asmoarekin.

Herria eragiteko maila pertinentea dugu, gure proiektu politikoak hurbileko eskala horretan hartzen baitu zentzu osoa. Eta Ipar Euskal Herria, gure eremu naturala da.

Gure proiektua zabaltzeko eta martxan emateko, auzapez eta herriko hautetsi gehiago behar dugu. Euskal Elkargoan dugun ordezkaritza ere zabalagoa izatea nahi dugu. Kudeaketa postuetan izatea eta tokiko exekutiboetan sartzea da gure asmoa.

Tokiko errealitate desberdinak kontuan hartuko ditugu gure proiektua ahal bezain ikusgarri izan dadin. Posible eta pertinente izanen den herri guzietan zerrenda abertzaleak aurkeztuko dira. Gure betiko baloreei eutsiz, gure desmartxa idekia da eta prest gara gure oinarrizko baloreak partekatzen dituzten beste indar politiko batzuekin bidearen parte bat egiteko.

Gaur deialdi bat pasatzen dugu… Deialdi hori gure baloreetatik hurbil sentitzen diren guziei zuzendua da. Deialdi hori ipar Euskal Herri burujabeagoa -politiko, elikadura, energia eta ekonomia mailan- nahi dutenei luzatzen diegu. Deialdi hori ipar Euskal Herri zuzenagoa eta elkartasun handikoagoa eta ekologikoki arduratsuagoa desiratzen dutenei zuzendua da. Balore hauekin guziekin bat egiten duen jende guzia gomitatzen dugu gure dinamikan parte hartzera.

2020ko martxoko herriko bozak eta Elkargokoak hitzordu garrantzitsuak izanen dira ipar Euskal Herriaren etorkizunerako, aldaketa globala toki mailatik hasten dela konbentzituak baikara. Herrietatik Euskal Elkargorat, present erantzunen dugu!

Cet article est également disponible en : French

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude