Larunbatean, urtarrilaren 12a, hitzordu bikoitza izanen dugu baina helburu bakarra, euskal presoen etxeratzea « Orain presoak » lemapean.

Urtarrilaren 12an, milaka lagun bildu behar gira Bilbo eta Baionako karriketan, bake prozesuaren bidean egin beharreko urratsak eginak izan daitezen exigitzeko.

Badu zazpi urte, euskal gizarteak bake prozesuaren apostua egin duela eta horren alde diharduela. Hamaika izan dira orduz geroztik Euskal Herrian bizi izan ditugun gertakariak. Euskal Herriko gizarte zibilaren zein eragile politikoaren gehiengoa, bake prozesuaren bidearen errailetan kokatu da eta horri esker burutu ahal izan dira azken urteetako mobilizazio eta pausu handi eta indartsuenak: Luhusoko atxiloketen biharamuneko manifestazioa, 2017ko apirilaren 8ko armagabetzea, maiatzaren 4ean Arnagan burututako konferentzia, ETA erakundearen disoluzioa eta Euskal Herriko delegazio bat Frantses justizia ministeritzarekin harremanetan egotea presoen egoerari konponbide bat atxemaiteko xedez.

Konpromisoz beteriko urratsak burutu izan dira azken urte horietan. Bake prozesua aitzinarazi nahi duen herri baten urratsak dira horiek. Baina, zein da Frantziar eta Espainiar estatutik jasotzen dugun erantzuna ?
Sanchez-en gobernuari dagokionez, gobernura iritsi bezain laister, presoen hurbiltzearen aldeko urratsak eginen zituela iragarri zuen. Gaurko egunean erran genezake, iragarpen faltsuak egin dituela. Hiru euskal preso politiko hurbildu ditu Euskal Herritik 200km-tik gora. Horietarik bi larriki eri dira eta etxetik 200Km-tara egon beharrean preso, etxean egon beharko lukete eta aske !
Macronen gobernuari dagokionez, presoen hurbiltze aldera urratsak eginen zituela iragarri zuen eta egin ere. 25 euskal preso politiko hurbildu ditu baina ez da aski ! Zehaztu beharra dago, beste 22 presoak, bederatzi presondegitan barreiatuak direla eta horietarik hiru bakarturik. Emakumeen kasuan, ez da aterabiderik atzeman eta hiru presondegi desberdinetan banaturi daudek.
Eta hori gutxi balitz, joan den astean euskal presoen auziari aterabidea emateko ministerioarekin elkarrizketak bideratzeaz arduratzen den delegazioaren ordezkariek, blokeo egoera batean aurkitzen zirela iragarri zuten.

Blokeo egoera horrek ez du segitu behar. Orain dela hilabete batzuk hasitako bideak jarraitu behar du eta urrats handiagoak egin behar dira. Horretarako eta azken euskal preso eta iheslari politikoa etxera ekarri arte, lanean segitu behar dugu.

Azken urteetako mobilizazioek erakutsi diguten bezala, bide horretan segitu behar dugu. Bake prozesuaren aldeko mobilizazio guziak garrantzitsuak dira, Euskal Herrian zinezko bake justu eta iraunkor bat lortu nahi badugu.
Horiek horrela, urtarrilaren 12an « Orain presoak » lemapean antolatua den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu !

Euskal preso eta iheslari politikoak etxera !