Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria

Bizi! mugimenduak ekarpen biziki interesgarria egin du udazken honetan “Burujabe” proposamenaren plazaratzearekin. Batzuentat ekologia eta burujabetzaren arteko lotura egitea ez da hain ebidentea. Lotura hori despolitiza-tzekotan, goi mailako ekonomilari baten erreferentzi deigarria aipatu daiteke hemen: Elinor Ostrom (1933-2012). Ekonomian Nobel saria erdietsi duen lehen eta emazte bakarra izan da Elinor Ostrom. Ingurumenari loturiko baliabide komunalak ikertu zituen munduan zehar: larreak, ohian eremuak, arrain espeziak, ureztatze sistemak, etab…

Baliabide komunalak ez dira baliabide pribatuak, baina ez dira ere ekonomian baliabide publiko gisa kontsideratzen. Hori dela eta, 2009an, Elinor Ostrom-ek ondoko ondorioa agerian emateagatik lortu zuen Nobel saria ekonomian: merkatua eta Estatuaren artean, komunalen ustiaketa tokiko komunitateen eskuetan uzteak osatzen du horien kudeaketa modurik eraginkorrena. Baina bere ekarpena ez da hortan mugatzen. Komunalen inguruko ikerketek oroitarazten digute XVI. mendean komunalak ziren lur kolektiboak indarrez pribatizatuz abiatu zela kapitalismoa Inglaterran (“enclosure” deituriko prozesua).

Eta kapitalismoaren sorrera argi-tzeaz gain, Elinor Ostrom-ek komunalen ideia XXI. mendeko ezagutza baliabideei zabaldu zuen bere azken azterketan. Modu hortan, Wikipedia bezalako eremua baliabide komunala gisa kontsideratu daiteke. Jabetza pribatuaren logikari bizkar emanez, nehorena ez den esparru hori denen ekarpenari esker era alternatibo batez eraikiz.

Kontzepzio hori orokortuz, frantses ezkerraren baitan ba-tzuk komunalak kapitalismoaren alternatiba berritu baten erdigunean jartzen dituzte (ikusi: “Vers une République des biens communs ?”, les liens qui libèrent). Komunalen inguruko eztabaidan Euskal Herriak kokapen berezia duela azpimarratu behar da. Izan ere, komunalek euskal (ohiko) zuzenbidearen kategoria bat osatzen dute. Adibidez, Ipar Euskal He-rrian horren hondarrak oihan eta mendi eremuak kudea-tzeko indarrean dauden “sindikatu”etan aurkitzen dira oraindik. Jasone Mitxeltorenak (ohiko) zuzenbide honen aurkezpen osatua proposatzen digu “Auzolanaren kultura” (Txalaparta) liburuan.

Hain zuzen ere, komunalen inguruko praktika kolektiboa auzolanaren bitartez deklinatzen baita. Konstatazio hori egungo arora ekarriz, Jasone Mitxeltorenak Wikipedia euskaraz XXI. mendeko auzolan modu bat dela iradokitzen du (hortan E. Ostrom-en azterketarekin bat eginez…). Komunalen kontzeptuan oinarrituz, ingurumenaren zaintzabideak eta sistema kapitalistari begirako alternatiba konkretuak jorratzeko lerroak aurkitzeko ahal badira, euskal kulturak eta bere praktika komunitarioek gogoetarako pista interesgarriak eskaintzen dizkigute.

Aspaldiko garaietan, Ezker Abertzaleak nazio borroka gatazka sozialarekin artikulatuz, abertzaletasuna eraberritu zuen. Elinor Ostrom-n ikerketek baliabide komunalen inguruan erakusten dutenez, ingurumenari loturiko problematikak burujabetza, kapitalismoa, eta Euskal Herriari begirako perspektiba berri bat eskaintzen ahal digu. Eta nere iritziz, horixe da Bizi! mugimendua-ren “Burujabe” proposamaren funtsezko ekarpena: ekologiaren alorretik abiatuz, burujabetza, kapitalismoa, eta Euskal Herriaren ikuspegi berritu bat eskaintzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude