Magouille immobilière, noiz arte?

 

Jaz garai berean, higiezinen promotore baten ohiko jukutria asaldagarri baten kronika kontatu genizuen, Donibane Lohizuneko Xingaletenean kokatua.

Hastapenean, Donibane-Lohizuneko sendi baten lursaila genuen. 3 partzelatan zatitua izan ondotik, lursail osoa begiz jo zuen Fréderic Orard (Ifo enpresa, Baionan kokatua) higiezinen promotoreak. Ordura arte, kezkatzeko arrazoirik ez, lehentasun legeaz baliatzeko herriko etxearen gogorik eza ez bada. Baiki, UC gisara sailkaturiko abantzu 4000 metro karratuko lursail honetan proiektu ederra eraiki daiteke, betiere, Donibane-Lohizuneko PLUak behartzen duen gisan, 10 etxebizitzatik gorako proiektuetan %30 etxebizitza sozialak izan behar direnaren legea errespetatuz gero. Haatik, hiru partzeletatik biri buruzko bi eraikuntza-baimen aukeztu zituzten 2014ko Apirilean : Frédéric Orardek IFO bere enpresaren izenean aurkezturiko 10 etxebizitzarentzako baimena eta SARL Nikolok 8 etxebizitzarentzat aurkezturikoa, zeinen gibelean Orard-en lagun bat aurkitzen baita. Azkenean, 2016an erosi hirugarren partzela batendako azken permisa pausatu zen, Erdeko enpresa baten izenean, zeinen kudeatzailea baita… Frédéric Orard, 8 etxebizitza berri + etxe baten berritze proiekturako. Hortaz, 27 etxebizitza izanen ditugu bederen hemen, haien artean heren bat etxebizitza sozialak izan beharko lirateke, erran nahi baitu 9. Proiektu guziak bereziak dira baina bakoitza 10 egoitzaz petik denez geroz, egoitza sozialik ezin da eskatu.

Behin baimen guziak eskuraturik, bere jukutria gordetzen ere ez zen saiatu Orard : guzia bateratu dute, programen izenetatik logoetaraino eta bi programen egiletza aitortzen dio bere buruari bere webgunean.

 

Irakurketa politikoa

1. Lotsagarria da guretzat : beste behin ere, herri honen biztanleriaren %80ak etxebizitza eskuratzeko pentsatua den legeaaren zirrikituak baliatzen ditu promotore batek bere negoziorako. Gure ustez, legezkoa bada ere, immorala da.

2. Baina legezkoa al da egiazki ? Urte batez, nehork – are gutiago herriko etxeak – ez du aztertu ea ze den hemen eskubide-gehiegikeria bat. Jakina, bi enpresa ezberdinek bi eremu ezberdin eskuratu dituztela adierazi defendituko du bere burua Orardek. Haatik, lursailak hartzen dira kontuan urbanismoan, ez partzelak (beste partzela ttikiako batzuk ere badira lursail horretan) eta apaindura juridikoez harago, obren egile bakar bat ageri da hemen, proiektu bakar baterako eta lursail bakar baterako. Urte bat berantago, xantierra bukatzekotan delarik, mezua argi gelditzen da : promozioan nahi dena egin daiteke, inpunitate osoz. Gure aldetik hasteko, xantierra blokatzen dugu eta hobenduna salatzen.

3. 2016ko maiatzean – hots duela bi urte eta erdi – etxebizitza sozialen %30eko legea, 5 eta 10 etxebizitzaren arteko programetara hedatzea proposatzen duen PLUaren berrikuspen sinplea proposatu du Herri Berri taldeak. Gisa horretako neurri batekin, jukutria hauei bidea hetsiko zitzaien. 2018ko bukaeran, Donibaneko PLUren berririk ez. Promotoreak lasai dira.

Cet article est également disponible en : French

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude