I-ENER energia berriztagarrien ekoizteko herritar enpresa bat da. Zernolako ibilmodea du?

I-ENER lantegi gaztea da, ibilmolde kooperatiboa duena (akziodun bakoitzak boz bat dauka biltzar nagusietan). Ideia da Euskal Herriko biztanleen aurrezkia mutualizatzea, energia ekoizteko gisan – mementuko argindar fotovotaikoa baizik – Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoko lurralde historikoetan.

Konkretuki, I-ENER-ek Euskal Herritik ahal bezain hurbil ekoiztuak diren eguzkipanelen bidez teilatu publikoak estaltzen ditu, euro bateko alokairu sinboliko baten truke. Hainbat kolektibitatek, gehienetan aho batez gainera, horrelako deliberazioak bozkatu dituzte. Orotara, 250 000 euroko inbertsioa osatzen duten 4 zentralak gauzatuak izan dira 2016an. Espero dugu herritarren sustenguari esker erritmo hori emendatzen edo bederen atxikitzen ahalko dugula.

Trantsizio ekologikoari dagokionez ondorio baikorrak nabari dira. Ekonomiaren aldetik zer?

I-ENER-ek Euskal Herriko biztanleen energia burujabetzaren alde lan egiten du. Horrelako proiektu baten baitan, lurraldea eta gizakia dira lehentasunak.

Burujabetza aipatzerakoan, bilatzen da bertan ekoiztea bertan kontsumitzen dena. Hala ere, marra gorri batzuk finkatzen dira. Errate baterako, ezinbesteko da inguramena zaintzea, gure lurraldeak eskaintzen ahal dizkigun baliabide naturalen mugak kondutan hartzea. Hori erranik, argi da I-ENER-en filosofia eredu nagusiarengandik arrunt desberdintzen dela. Izan ere, azken honi jarraituz gero, Barne Produktu Gordinaren (BPG) etengabeko emendaketa da bide bakarra. Alta, adierazle horrek ez du xehetasunik ematen ez jendartearen ongizateari buruz, ez eta lurraldearen burujabetza mailari buruz. Alderantziz, BPG-ren emendatzeak ondorio ezkorrak baizik ez ditu eragiten klimarengan.

I-ENER nunbait proiektu berritzaile da, lurraldeari erabat lotua. Zergatik Ipar Euskal Herria hautatu duzue lan eremu gisa?

Ipar Euskal Herrian bada nortasun azkar bat, aspaldidanik. Hori da bere indar nagusia funtsean, nortasunak osatzen du lurraldearen balio erantsia. Euskal Herria egituratzen duten hainbat proiektu garatu izan dira azken hamarkadetan, hara nola laborantzaren arloan ala hedabideen arloan, erakaskuntzan, kultura eta ekonomiaren esparruan.

I-ENER-en sortzaile gehienak euskaldun gira eta euskara naturalki erabiltzen dugu, lan egiteko ere. Anitzentzat, Euskal Herriaren garapenaren aldeko tresnak sortzeak garrantzi handia du. Hots, Euskal Herrian eta Euskal Herriaren alde lan egitea arras naturala zaigu.

Nortasun ikuspegitik harago, horrelako proiektu baten arrakasta lurraldearen atxikimenduari erabat lotua da gure ustez. Adibidez, zonbait lagun saiatzen ari dira gu bezalako proiektu baten muntatzen, Frantziako hiri handi batean. Erregularki erraten digute nekez hunkitzen dutela jendea, militante ekologistak salbu. Hor da ikusten zinez Ipar Euskal Herrian badela burujabetza terrenotik eraikitzeko gaitasun handia. Egia da hein batean instituzioaren aldeko borrokak elikatu duela ahalmen hori. Orain helburu hori lortu dela, segitu beharko da egitura berria kolektiboki elikatzen ez bada indar hori galdu nahi.