Kazeta – HELEP: demokratikoki dagokion ordezkaritzaren errespetua aldarrikatu du EHBaik

HELEP: demokratikoki dagokion ordezkaritzaren errespetua aldarrikatu du EH Baik.

kazeta7122016

Jean-Claude Mailharin, Anita Lopepe eta Peio Etxeberri-Aintzart EH Bai-ko kideek ezkerreko mugimendu abertzaleari Euskal Elkargoaren gobernantza egituretan demokratikoki dagokion ordezkaritza aintzat hartzea eskatu dute. Horretarako, 2014an eginiko udal hauteskundeen emaitzetan oinarritzea litzateke, beren esanetan, logikoena, Naiz atariak argitaratu duenez.

Izan Biltzar Nagusian edota Batzorde Iraunkorrean eta Exekutiboan, “orain artean erakundearen alde aritu garenon presentzia orekatua beharrezkoa” dela irizten diote.

Irizpide demokratiko horrez gain, edukiez janzterakoan, Euskal Elkargoak derrigorrezko eskumenezkoak ez diren hainbat problematika ere bere egin beharko lituzke. Horien artean nabarmendu dituzte gizon eta emakumeen arteko parekotasuna, hizkuntza politika, trantsizio energetikoa, diskriminazioaren kontrako borroka eta demokrazia partehartzailea gizarte zibilaren presentzia izateko.

Halaber, orain artean arlo sozialeko hainbat zerbitzutan, batik bat, prekaritate handian bizi diren pertsonei begirakoak, hurbiltasuna bermatzea eskatu diote erakunde berriari. “Diskrimanazioaren kontrako borrokak ere bere lekua izan behar du”, erantsi du Anita Lopepek.

Euskal Elkargoaren eraikuntzan beren parte hartze osoa hartzeko prest direla berretsita, “biharko egiazko eta berezko lurralde erakunde” baten ernamuina izatea dute helburu eta zentzu horretan jadanik lanean hasiko direla adierazi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude