Amikuzeko EH Baiko kide den Jean Claude Mailharini egndako elkarizketa

Amikuze eskualdeko EHBAI taldeak, berrikitan, publikoki salatu du hautetsi batzuen erabakia. Zoin da erabaki hau ?

Amikuzeko Herri Elkargoak, Donapaleuko herria lagunduko du bere lurretan kiroldegi baten eraikitzeko. Noski, nehork ez du zalantzan jarriko kirol gela baten beharra gure eskualdean, gazteek eta gurasoak lekuko dira, bainan hautatu den muntaia juridiko finantzarioa guztiz salagarria da.

Zer da beraz « muntaia » hau ?

Udako oporrak baliaturik, eta epe izigarri motzak aplikaturik, Amikuzeko Herri Elkargoak erabaki zuen diru laguntza bozkatzea Donapaleuko herriko etxearen alde : milioi bat euro, hots, herri elkargoak dituen erreserba guziak. Horiek herriko etxeari emanak izanen dira urte bukaera gabe ! Diru laguntza honi esker, herriko etxeak eraikitzen ahalko du kiroldegia eta 13 Hektarako lurrak erosten ahal ditu. Jakin behar lur horien jabea dela justuki herri elkargoa, berrikitan erosi baitzituen aktibitate ekonomikoa garatzeko asmoz.

Beraz Amikuzeko herri elkargoa ari da diruztatzen bere ontasunen saltzea. Lur eremua 550.000 euroan saldua izan da baina Donapaleuko herriko etxeak nahi duen prezioan berriz saltzen ahalko ditu.

Erabaki horiek badute zer ikusteko Euskal Herri Elkargoaren sorrerarekin ?

Gure iduriko argi da operazio honen bidez, toki mailan poderean diren hautetsiek eta ber mementoan herri elkargo bakarraren kontra agertu direnak, nahi dutela ahuldu sortzekoa den ipar euskal her­ri mailako instituzioa. Ez baitute partekatu nahi beste herriekin, nahiago dute lur horiek eman herriko etxe bati eta Amikuze herri elkargoko kutxak hustea.

Garapen ekonomikoak lurrak behar dituela argi dugu, eta tokiko instituzioen esku da lurrak zaintzea enpresen instalatzeko. Baina lur horiek ez dira gehiago ekonomiaren zerbitzuko izaiten ahalko, herriko etxe batek ez baitu garapen ekonomikoaren eskumena. Zer erran nahi du horrek ? Ez dugula gehiago garapen ekonomikorik nahi Amikuzen ? EHBAIen iritziz onartezina da.

Zoin da luzatu nahi duzuen mezua, tokiko hautetsiei ?

Amikuzeko EH Baik gogorki salatu nahi du gure herriko hautetsiek Herri Elkargo Bakarraren sorrera oztopatzeko egiten ari diren guzia. Beren jarrera egozentrikoa, errespetu gabeko neurriak hartzeagatik, hondare publikoa lekuz aldatu nahi ez izana bere buruari joka eginez…

Gure herriko hautetsiak lehen bait lehen dinamika eraikitzaile batean sartu behar dira. Jakinez, bihar sortuko den egitura berrian Amikuzeko ordezkariak izanen direla, erronka horren einean kokatu behar dira, ttipikeriak alde batera utziz.